XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eliza berri Jainkoaren bidekari.

Landesetan gira, Mont-de-Marsan-eko auzitegian, 1845-eko hazaroaren 7-an.

Orduko kaseta batek kondatzen daukunaz, gizon bat arras bitxia da, akusatuen alkian larririk dagona.

Bizar luze bat, papoan beheiti; xapel handi bat, hegal zabal batzuekin; gerrian, arrosario eta sainduen erlikiak dilindan; kapa bat, arrain-beharriz estalia; kuiatto bat, makila bat....

Nor den gizon hori? Barkoxeko Pierre Topet, gure Etxahun koblari famatua.

Ez du lehen aldia, jujen aintzinerat agertzen dela.

Bainan zer ditu jauntzi eta pusketeria horiek oro? Beilari batek baitezpadakoak zituenak.

Xapelak begiratzen zuen euritik eta iguzkitik; kapa behartzen zitzaion neguan, bereziki mendi-alde hauetan; makilari bermatuz aiseago kurritzen zuen; kuiattoan zeraman edateko ura; otoitz egiteko esku menean zituen arrasorioak; arrain-beharri edo kokilla aldiz zen Konpostelara zoatzinen ezagutgarri berezia.

Hamargarren mendetik haste, miliunka iragan dira gisa hortako beilariak.

Orai gure bidetan udatiarrak ikusten ditugun bezala, lehen Jakobetarrak ziren tropaka ibilki: bakar batzu zaldiz edo karrosetan, bainan gehienak oinez, ez baitziren lotsa zonbait hilabetez kurritzeko, edozoin aro motarekin.

Frantziatik pasatzen zirenentzat, lau bide handi baziren: bat, Arles, Tolosa eta Oloronen gaindi, Somport-eko lepotik Zaragozarat zeramana; beste hiru aldiz: Le Puy, Vézelay eta Parisetikakoak, Euskal-Herrian sartzen zirenak Izuran junt egiten zuten hiruek, eta hortik beilariek segitzen zuten Larzabale, Donazaharre eta Donibane Garazin gaindi, Orriarat buruz.

Itsas hegiko bide bat ere bazen: Baionatik, Donibane, Ziburu eta Urruñan barna, Irune eta Donostiarat zoana.

Baionatik, zonbaitek nahiago zuten Garazirat jo, edo Hazparnen gaindi, edo Errobi bazterretik, Bidarrain barna.

Xuberoko bideak ere baziren, Larrañetik eta Santa Grazitik.

Aspaldiko beilarien lekuko, Euskal-Herrian baditugu nun-nahi eliza eta kaperak, baditugu komentu eta ospitaleak, han kausitzen baitzuten bidekariek aterbe, janedan, sendagailu eta arta.

Bainan zer zuten bada jendek beila-errabia hori? Zerk zituen sustatzen, zer zuten bilatzen?.

Etxahun beilariak emaiten dauku bere berri.

Zer gizon bihurria eta bortitza zen, denek badakite.

Bainan bere estakuru guzien gatik, fede handiaren jabe zen, eta bere hutsak Jainkoaren aintzinean umilki ezagutzen zituen.

Bertsu hunkigarri batzuetan, berak salatzen dauku, presondegian hartu zuela Erromarat joaiteko xedea:
Gaztelin nintzalarik
biziak etsitûrik,
Promes bat egin neion
sendo nahiz Jinkoari:
Kitatûren nûtila
hunak eta uhuriak,
Mûndû huntako plazerak,
haurrak ta emaztia,
Bai eta segitûren
zelilako bidia.

Sendimendu beretan eginen duke ere geroxago Konpostelarako beila.

Beilarietan, bazen mota guzietarik, ohoinak eta gaixtaginak barne; bainan gehienak fede azkar batek zerabiltzan.

Jainkoari buruz zuten itzuli nahi, eta Etxahunek bezala zerurako bidea hartu.

Ederki deitu izan dituzte beilariak Jainkoaren bidekari. J.H.-U.